Udal-eraikin guztiak eguzki-energia sortzeko erabiliko dituen lehen hiria izango da Donostia Donostiako Sustapenak koordinatzen duen proiektuaren lehen fasea abian da jada. Eguzki-plaka fotovoltaikoak jarri dituzte hamar eraikinetan eta urrian jada martxan izango dira.
Datorren urtearen hasierarako bigarren fasea amaituta egongo da. Ezaugarri teknikoak betetzen dituzten eraikin guztietan eguzki-plakak egongo dira. Urtean 1.000MWh sortu (argiteria publikoan urtean kontsumitzen denaren %28) eta atmosferara 800 tona kutsatzaile isurtzea ekidingo dute (Donostiako 2.200 familiak urtean argiztapenean kontsumitzen dutena).
Donostiako Sustapenak, Donostiako garapen ekonomiko jasangarriaz arduratzen den udal-sozietate gisa, hamar eraikin publikotan 2.500 eguzki-plaka fotovoltaiko jartzeari ekin dio, udal-eraikin guztietako estalkiak energia ez-kutsatzailea sortzeko erabiltzea helburu duen asmo handiko proiektuaren lehen fasean.
Bigarren faseak beste hamar eraikin hartuko ditu barne. Hala, 2009 baino lehen, 20 eraikinetan 5.000 plaka fotovoltaiko martxan egotea espero da. Une honetan fase honetarako proiektuak idazten ari dira.
Proiektua aitzindaria da; izan ere, landa-eremuetako eguzki-parke tradizionaletatik urrundu eta ezaugarri tekniko egokiak dituzten udal-eraikin guztietako estalkiak erabiltzea helburu duen plana garatzen eta abian jartzen duen lehen udalerria da Donostia.
Halaber, proiektuaren handitasuna adierazgarria da: 1000MWh sortuko ditu; hau da, Donostian argiteria publikoan urtean kontsumitzen denaren %28.
Sortuko den energia elektrikoak urtean atmosferara 800 tona CO2 gutxiago isurtzea eragingo du; hau da, Donostiako 2.200 familiaren argiztapen kontsumoak kutsatzen duena.
Eguzki-energiak ingurumenerako dituen abantailak agerikoak dira: ez du CO2ren ez bestelako gasen isurpenik sortzen, ez ditu erregaiak kontsumitzen, ez du hondakinik ez zaratarik sortzen eta agorrezina da. Baina, ezin da alde ekonomikoa ahaztu, energia fotovoltaikoaren garapena enplegu-iturri garrantzitsua baita; datuen arabera, sektoreak azken urteetan 23.000 enplegu zuzen eta zeharkako sortu ditu.
Zeharkako proiektua da. Donostiako Sustapena Udaleko beste sail batzuekin elkarlanean aritu da; ondokoekin, besteak beste: Proiektu eta Obrak, Ingurumena, Hezkuntza eta Kirolak.
Egun, Hipodromokoak bezalako plaka fotovoltaikoak jartzen ari dira ondoko eraikinetan:
Datozen hilabeteetan ondoko eraikinetan ere jarriko dituzte:
Donostiako Sustapenak Udaleko beste sailekin lan egingo du eraikitzekotan diren eraikin berrietan plaka fotovoltaikoak jartzeko; Ikus-entzunezko Berrikuntza Gunean, Rozanesko Ikertzaileentzako Egoitzan, Etxadi kiroldegian, Intxaurrondoko Gizarte Etxean eta Suhiltzaile-etxe berrian, esaterako.
Era berean, eragile pribatuekin (enpresak, bizilagunen elkarteak, etab.) lan egiteko formulak eta udalarenak ez diren eraikinetako estalkiak ere erabiltzeko formulak aztertuko dira.