Prentsa-aretoa arrow Prentsa-oharrak arrow Buscador de noticias arrow Sustapenari buruzko albisteak arrow Hemendik urte eta erdira, Ikertzaile Egoitza berritzailea izango du Donostiak

Hemendik urte eta erdira, Ikertzaile Egoitza berritzailea izango du Donostiak

Eraikina Harrerako eta Adimenaren Integrazioko Plan Integralean kokatzen da; planaren asmoa da berrikuntza eta ikerketa finkatzen jarraitzea, gizarte modernoek eredu ekonomikoaren inguruan eskatzen duten aldaketa ekartzeko motore gisa

Hiriak eta inguruneak zientzia eta ikerketa munduarekin duten lotura indartuko du egoitzak

Aurreskua agintarien aurreanDonostiako Udalak eta Sustapena sozietateak, Gipuzkoako hiriburuko garapen ekonomiko iraunkorraren ardura duenak, hasiera eman die Ikertzaileen lehen Egoitza eraikitzeko lanei. Proiektu horren helburua da hirian behar bezalako baldintzak izatea, talentua erakarri eta modu horretan zientzia eta ikerketa munduarekin duen lotura indartze aldera.

Adimenaren Etxearen lehen harria jartzeko ekitaldian honako hauek izan ziren: Odón Elorza alkatea, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Juan Tomás Hernán Berrikuntzako Idazkari Nagusia eta Enrique Ramos Donostiako Sustapeneko lehendakariordea. Guztiak gustura agertu dira herri-mailan abiatu eta Europa eta nazioartera hedatzeko asmoa duen proiektuak izan duen harrera onarekin.

Instituzioen arteko lankidetzari esker, Udalak, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak (1,5 milioiko diru-laguntza) eta Industria Ministerioak proiektua elkarrekin finantzatu dute, Avanza Planaren bidez (%0ko intereseko kreditua eta ia milioi 1 euroko diru-laguntza). Eraikuntzaren aurrekontua 9,3 milioi eurokoa da.

Era berean, lehen harria jartzeko ekitaldian hiriko eta inguruneko hogeita hamar bat Zentro Teknologiko eta Ikerketa Zentroko, Unibertsitate eremuko eta enpresa pribatuetako ordezkariak izan dira. Lanak hemendik urte eta erdira amaitu behar dira. Modu horretan, Ikertzaileen Egoitza berria 2011ko urtarrilean inauguratu nahi da.

Egun horretatik aurrera, Donostia Europako hirien talde murriztuan sartuko da (Stockholm, Bartzelona, Berlin, Nantes,…), eta eraikuntza bat baino askoz ere gehiago izango den Adimenaren benetako etxea izango du. Ikertzaileen Egoitza Harrerako eta Adimenaren Integrazioko asmo handiko planean kokatzen da, eta planaren asmoa da ikerketa eta berrikuntza finkatzen aurrera egitea, gizarte modernoek eredu ekonomikoaren inguruan eskatzen duten aldaketa ekartzeko motore gisa.

Modu horretan, HIRU ARDATZ oinarri dituen Harrera Planaren xedea da ikertzaileei ostatu egokia eskaintzeko erronkari aurre egitea; izan ere, bai Zentro Teknologikoek, bai enpresa enplegu-emaileek, bai langile ikertzaileek horren beharra erakusten zuten.

Ikertzailearen premien arabera, mota ezberdinetako 80 apartamentu eskaintzeaz gain, ikertzaileari eta haren familiari laguntzeko zerbitzuak eskainiko dira; esate baterako, baimenak izapidetzea, senar-emazteentzako enplegua bilatzea, seme-alabak eskolaratzea,… Azken finean, aukera ugari bilduko ditu, Donostiak ikertzaileak hartzeko, gizarteratzeko eta haien errendimendua hobetzeko beharrezko baldintzak izan ditzan.

Harrera Planaren hirugarren ardatza eta besteak bezain garrantzitsua ezagutzaren sozializazioa da. Denek erabiltzeko espazioei esker (gelak, auditorioa, terraza,…), ikerketarekin eta berrikuntzarekin lotutako enpresa, zentro teknologiko eta profesionalen artean sinergiak sortuko dira; beraz, aparteko aukera izango da Donostian harreman eta proiektu berriak sustatzeko.

Modu horretan, Ikertzaileen Egoitzako espazio jakin batzuen diseinuarekin elkartzeko baldintzak erraztu nahi dira. Helburu nagusia eta etengabea da formatu ezberdinetan hedakuntzako eta prestakuntzako jarduerak sustatzea, Ikerketa Zentro, enpresa, Unibertsitate, bestelako instituzio eta erakunde eta ikertzaileekin batera, ezagutza hedatze eta ideia eta aukera berriak sortze aldera.