Donostiako Sustapena eta ikus-entzunezko hainbat enpresa Dublinen izan dira esperientziak trukatzen
Ordezkari politikoz, teknikariz, eta ikus-entzunezkoen sektoreko Donostiako enpresez osatutako taldeak The Digital Hub bisitatu zuen, etorkizuneko Ikus-entzunezko Berrikuntza Gunearen antzeko guneaDonostiako Sustapeneko Administrazio Kontseiluko ordezkariz eta ikus-entzunezkoen sektoreko enpresez osatutako talde bat Dublinera joan zen, The Digital Hub ezagutzera. Izan ere, aurten Zuatzun eraikitzen hasiko diren Ikus-entzunezko Berrikuntza Gunearen antzeko ezaugarriak ditu Irlandako gobernuaren ekimenez sortutako gune honek.
Donostiako ikus-entzunezko enpresek Dublinekoak bisitatu zituzten Digital Huben, Euken Sesé Donostiako Sustapeneko gerenteak eta ondoko ordezkariek lagunduta: Enrique Ramos, Ekonomia Garapenerako zinegotzia; Arritxu Marañón eta Susana Corcuera, PSE-EEren ordezkari gisa; María José Usandizaga eta José Luis Arrúe, PPren ordezkari gisa; eta EAJko Aitziber San Román.
Produktu digital berritzaile eta arrakastatsuak sortzeko elkarlanean aritzen diren artista, ikertzaile, hezitzaile, enpresari eta kontsumitzaile komunitate bat da The Digital Hub. Guinessen fabrikaren zonaldean kokatuta dago; garai batean, ehungintzaren arloko enpresak zeuden The Digital Huben auzoan, eta, besteak beste, diseinu eta multimedia agentziak, eta animazio, bideojoko eta soinu ekoizleak hartzeko berregituratu dute. Ikus-entzunezko Berrikuntza Guneak hartuko dituen Donostiako enpresen antzeko jarduerak dituztenak, hain zuzen. Hemen ere, enpresen arteko sinergia eta elkarlana bultzatuko da, formatu berriak ezarri eta negozio aukera berriei begira aurrera egiteko ezinbestekoa baita.
Hain zuzen ere, enpresen arteko merkataritza harremanak bideratzeko eta Ikus-entzunezko Berrikuntza Gunearen proiektua hobetzen lagunduko duten esperientzia eta praktika egokiak ezagutzeko.