Energia Berriztagarriak 
Lisboako Estrategiak, Europar Batasunaren Estrategia Jasangarriak, Garapen Jasangarrirako Euskadiko Estrategiak eta Ingurumen Esparru Programak adierazten dutenez, produktu, zerbitzu eta teknologia berrien garapena, funtsezkoa izango da ekonomiaren lehiakortasuna eta ekoizpen-ehuna hobetzeko. Gainera, berrikuntza ezinbestekoa izango da garapen jasangarria lortzeko.
Nazio eta eskualdeetako hainbat gobernu, eta Europa eta nazioarteko hiriburu ugari, politika energetikoak modernizatu-berritzeko prozesuan murgilduta daude, ingurumenaren babesari eta klima-aldaketaren aurkako borrokari lotutako hainbat alderditan eragile aitzindariak izan nahian. Horretarako, energia aurreztea eta ingurumenarekiko portaera hobetzea ahalbidetuko dieten barne-proiektuak garatzen ari dira. Aldi berean, proiektu horien balioa nabarmentzeko lan egiten dute, karbono-kopuru txikiko produktu, zerbitzu eta teknologietan oinarritutako ekoizpen-ehunen jabe egiteko. Ekozipen-ehun hauek jasangarriagoak eta lehiakorragoak izango dira eta enplegua sortu eta ekonomia, gizarte eta ingurumenaren alorreko garapenean aurrera egitea ahalbidetuko diete.
Energiaren esparruan posizionamendu berrien bilaketak bereizten duen testuinguru orokor honen barruan, oso onuragarria da Donostiaren estrategiak energia-eraginkortasun eta energia berriztagarrietaranzko norabidea hartzea, energia-eredu berriak eskaintzen dituen lehia-aukerak aprobetxatuz.
Posizionamendu egoki batek hainbat aukeraz baliatzea ahalbidetuko dio Donostiari, eta ondorioz, enpresa- eta gizarte-etekinak sorraraztea. Onura hauek garatzeko aukera handiak izango dituzten merkatu-zokoak irekitzean eta sektore berritzaileetan lan gehiago eta hobea sortzean helduko dira, eta klima-aldaketaz eta ingurumen-arazoez gero eta gehiago arduratzen den gizarte baten eskariei erantzutearekin lotuta dira.