Enpresak arrow Berrikuntza arrow Teknologia eta Ikerketa Zentroekin lankidetza

Teknologia eta Ikerketa Zentroekin lankidetza

Mendekotasuna laguntzeko tresnaDonostiako Sustapena buru-belarri dabil hiriko teknologia zentrorekin elkarlanean, ekonomia-jarduera berritzaileak sustatu eta tokiko enpresa-ehunaren lehiakortasuna modernizatu eta hobetzearen alde.

Teknologia eta berrikuntza sektoreak ondoko ezaugarri nabarmenak ditu: ekonomia dinamizatzeko ahalmena, produktibitatearen gorakada eta enplegu kualifikatuaren sorrera. Jarduera ekonomikoaren gainerako esparruekin duen harremanak eta lurraldea garatzeko aukerek ekonomia eta gizarte modernoa garatzeko funtsezko sektore bihurtzen dute.

Gaur egun, gure hirian 7.000 pertsonatik gora daude teknologia, berrikuntza eta zerbitzu aurreratuen sektorean lanean, hots, guztizko enpleguaren %10. Honek, jakina, enpresa-egitura osoan eragiten du.

Arlo hauek ondoko ezaugarri bereizgarriak dituzte: balio erantsia sortzea, enpleguaren kualifikazioa, ingurumen-kalitatea, handituz doan eskariaren eta merkatuen hurbiltasunaren ondorioz hazteko duen ahalmena, lanerako eremu fisiko txikiak eskatzea, etorkizunera begirako beste sektore batzuekiko elkarreragina eta ondorio biderkatzaileak, berrikuntzaren inguruko nazioarteko sareetako kide izatea eta horietan sartzea, eta abar. Horregatik, hiriaren etorkizuneko garapenerako funtsezkotzat jotzen dira.

I+G+B (Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza) sustatzen duten erakunde hauen alde egiteak eragin argia du gizarte-ingurunean; izan ere,  industria-enpresek eta teknologikoki aurreratuta dauden zerbitzu-enpresek kapital intelektual aberatsa duten lekuetan kokatzea erabakitzen dute,  faktore fisikoak bigarren mailakotzat utzita.

Berebiziko garrantzia dauka hiri bere jarduera berritzaile eta ekonomikoei buruz ematen duen irudiak. Donostiako Sustapena hiriaren eta bere ingurunearen I+G+B mapa sortzeko proiektu bat garatzen ari da gaur egun; mapa webgunean txertatuko da, hiriaren ikuspegi global eta berritzailea emateko. Proiektu hau aurrera eramateko, hiriko Teknologia eta Ikerketa Zentro guztiak ditu lankide Donostiako Sustapenak.

Ondoko zentroekin sinatu ditu Donostiako Sustapenak lankidetza-hitzarmenak:
  • CEIT:

Ikerketa Zentro honek honako hauek ditu aztergai: materialen zientzia eta teknologia, mekanika aplikatua, ingeniaritza elektronikoa eta kontrol-ingeniaritza, uren tratamendua, mikroelektronika, telekomunikazioak eta ingurumen-ingeniaritza.
  • FATRONIK:

Teknologia mekatronikoan espezializatutako Teknologia Zentro honek merkatuari begiratzen dio. Ondoko gaiak ditu aztergai: ekipo-ondasunak,  energia berriztagarriak, aeronautika, garapen jasangarria eta ongizatea (pertsona minusbaliatuei laguntzeko irtenbide teknologikoak); azken honi begira, osagaien mekanizatua landu eta egiturak mihiztatzeko automatizaziorako irtenbideak garatzen ditu.
  • INBIOMED:

Fundazio honek biologiaren eta medikuntzaren arloko garapen teknologikoan lan egiten du ondoko helburuekin: oinarrizko ikerketa aplikatua, zerbitzuak, eta transferentzia teknologikoa zelula amen eta medikuntza birsortzailearen eremuan. Helburu hauek balio erantsia sortzen dute gizarte eta industriarentzat.
Lankidetza-hitzarmen hauen bitartez, Donostiako Sustapena eta Zentro laguntzaileak hainbat eremu generikotan aritzen dira elkarlanean: enpresa- eta teknologia-arloko aholkularitzan; enpresa-ideien eta enpresen bankuak sortzen; zentro, unibertsitate, enpresa eta Sustapenaren arteko sinergiak sustatzen; beste Teknologia Zentro batzuekiko elkarlanean; mintegiak, hitzaldiak, etab. antolatzeko lankidetzan;  I+G+b proiektuetan; europar proiektuak elkarrekin aurkezten, zentroen bibliografia-fondoak bideratzen eta informazio-trukean... Hitzarmen bakoitzak, gainera, Zentroaren izaera eta ekintzen araberako gai bereziak garatzen ditu.

Donostiako Sustapenak beste zentro batzuekiko lankidetza-hitzarmenak sinatzen jarraituko duela aurreikusten du.