Inoiz bururatu al zaizu zure kabuz lan egitea? Inoren menpe egon gabe gustatzen zaizuna egin nahi baduzu, autoenplegua aukera dezakezu etorkizunerako lan-aukera gisa.
Lan bila gabiltzanean, gure aukera bakarra hirugarren batek gu kontratatzea dela uste dugu. Baina, norberaren ekimenak ere lan-aukerak sor ditzake. Horretan datza, hain zuzen, autoenplegua: zeure lanpostua sortu ahal izatean eta, gainera, zure ingurunean ere enplegua sortzean.
Denok izan gaitezke ekintzaileak, hortaz, ez duzu aparteko pertsona izan behar zeure enpresa sortzeko. Izan ere, eta seguruenik jakin gabe, gure bizitza norabide ezberdinak hartzera bultzatzen duten erabaki ezberdinak hartzen ditugu egunero. Kasu horietan ere, ekinean ari gara. Ez ezazu pentsa enpresa bat sortzeko prozesua askoz zailagoa denik. Enpresa sortzeko denbora eta ahaleginak, eta batzuetan, baliabide ekonomikoak, erabili behar izatea izango da zailtasun nagusia. Hala ere, kanpoko laguntza izango duzu, dena errazagoa izan dadin.
Pertsona ez da ekintzaile jaiotzen, egin egiten da.
Ez dago ekintzailearen jaiotzetiko ezaugarririk, eta beraz, edozein pertsonak lor dezake ekintzaile izatea, benetan xede hartzen badu. Hainbat gaitasun eta jarreraren ikaskuntza eta garapenean dago arrakastaren eta porrotaren arteko muga.